Zurrunbilo 2026, euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia, martxoaren 26tik 29ra izango da.
Udaberrian ZURRUNBILO dator, euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia, hasierako helburuei eutsiz: publiko berriengana hurbiltzea, tokiko konplizitatea sortzea eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzea. 11. edizio hau EHAZErekin eta Izaskun Arrue Kulturgunearekin (IAK) batera antolatu da, eta honako hauek eskainiko ditu: mahai-ingurua, kontzertuak eta arte bizietako pieza laburrak.
Oraingo honetan, pieza guztiak esperimentu eszeniko laburrak dira, gehienez 30 minutuko iraupenekoak, eta gorputza, ahotsa eta jolasa dira errealitatea eta giza esperientzia hainbat dimentsiotan aztertzeko tresna. Batzuek barrura begiratzen dute, eraldaketa pertsonalera eta identitatera; beste batzuek kanpora begiratzen dute, eguneroko bizitzara, zorira eta absurdora. Konplexutasuna, ziurgabetasuna eta identitateen ugaritasuna ezaugarri dituen mundu honetan, lan hauek gai garaikideak aztertzera gonbidatzen dute publikoa, batzuetan gai horiek jorratzekokonplexuak direnak, hala nola identitatearen, subjektibotasunaren eta pertzepzioaren mugak; hizkuntza desberdin batetik abiatuta, errealitateari aurre egiteko eta komunikatzeko moduen aniztasuna erakutsiz. Jaialdia martxoaren 26tik 29ra izango da eta Parasite Kolektiboak antolatu du Baratza Aretoaren, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.
Ekitaldia martxoaren 26an, ostegunean, hasiko da, 18:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK), EHAZEk antolatutako "Euskaraz eta eszenaz etxeko zapatiletan" mahai-inguruarekin Ane Gebara, Josune Vélez de Mendizabal, Idoia Tapia Martinez, Eihara Fernández de Larrea eta Odei Arregi gonbidatuekin. Ondoren, ESANEZIN eta POSTAL KOLEKZIONISTAK taldeen kontzertuak.
Jarduerak larunbatean eta igandean hasiko dira berriro Baratzan, ostiralean Korrika Gasteiz-en izango baita.
Larunbatean, martxoak 28, 20:00etan, 2 pieza labur antzeztuko dira: ARMA TIRO PUM (Aitor Vinagret) eta ALTER-NATION (Idoia Tapia Martinez). ARMA TIRO PUM antzezlanean, ezer ez da dirudiena. Herrialde eta garai desberdinetatik bidaiatzen dugu. Guztietan, umeak kalean ari dira jolasean. Zeruan, sentimendurik gabeko hegazkinek protagonismoa hartzen dute. Eszenatokian, foko baten aurrean, onomatopeiak erabiltzen dituen aktoreak skate arrunt bat gauza izugarrietan transformatzen ditu. Eta ALTER-NATION, Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboaren (IND) inguruko pieza eszeniko-sonoroa da, ahots-efektu artifizialen bitartez, psikopatologia honen funtzionamendua ulertzen saiatzen dena.
Eta igandean, martxoak 29, 19:00etan, Aitzol Iraolaren HUSTU eta Les bobé bobé-ren DADA Ü LALAren txanda izango da. HUSTUk oihartzunez betetako espazio batean hutsaren bila dabilen gorputz bat erakusten digu. Site-specific horretan, gorputza, ahotsa eta espazioa elkarrizketa bizian elkartzen dira, erortzen uzteko amildegia eta husteko ekintza erradikala arakatuz. Ariketa intimo eta kolektiboa, non unean bertan dauden pertsonek osatzen duten obra, sortzaile, interprete eta ikuslearen arteko mugak ezabatuz. Eta DADA Ü LALA lanarekin amaituko dugu, mundua ulertezina den garaietan bi emakumeei ulerterreza den, zentzua daukan eta koherentziadun zerbait eskatzen dieten momentuan sortzen den ekatombe artistikoaren eztanda. Boom grrr pum pam fliiis! Txof… Hitzak ez du balio jada...
Azkenik, edizio honetako nobedade gisa, solasaldi gune bat antolatu dugu ardo batekin partekatzeko. Ekimen honek testuinguru sozial eta lasaian hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu, baita pentsatu, eztabaidatu eta sentitzeko aukera, ematen duten obren inguruan etenaldi eta elkarrizketa denbora bat eskaintzea ere. Horrela, jaialdia kultura-kontsumorako izateaz gain, elkartrukerako, sorkuntza partekaturako eta gai garaikideei buruzko hausnarketarako gune ere izateko asmoa indartuko da.
Sarrerak: