Amorebieta-Etxanok Arimen Gaua ospatuko du urriaren 31n eta azaroaren 1ean, euskal mitologia, tradizioa eta sormena uztartuko dituen egitarau berezi batekin. Amorebieta-Etxanoko Udalak sormen-tailerrak, gune tematizatuak, musika eta beldurrezko pasabidea antolatu ditu, eta Goldatzen elkarteak ere ospakizunarekin bat egingo du, Gau Beltzaren inguruko ekimenekin.
Urriaren 31n, 17:00etatik 20:00etara, hainbat sormen-tailer eskainiko dira, begiraleen laguntzarekin. Parte-hartzaileek argi-faroltxoak, basoko kutunak eta eztizko kandelak egiteko aukera izango dute, naturako elementuak erabiliz.
Horrez gain, gune tematizatuak prestatuko dira euskal mitologian eta tradizioan oinarrituta. Besteak beste, baso mitologiko bat, Anbotoko Mariren mahai santua, Akerbeltzi eskainitako gunea eta baserriko ohiko objektuekin apaindutako landa-eremua egongo dira ikusgai. Argiztapenak, elementu naturalek eta basoko zein txalapartaren soinuek giro berezia sortuko dute.
Herritarren parte-hartzea sustatzeko, Desioen Zuhaitza ere jarriko da, bertaratzen direnek beren desioak, beldurrak edo oroitzapenak idatzi eta bertan eskegi ditzaten. Halaber, antzinako jantziekin, oihal zuriekin eta argiztapen leunarekin apaindutako argazki-gune berezi bat prestatuko da. Musikak ere protagonismoa izango du, DJ batek girotuko baitu ospakizuna bi saiotan: 18:00etatik 20:00etara eta 20:30etik 22:00etara.
Azaroaren 1ean, Zelaieta zentroak urteroko Beldurrezko Pasabidea hartuko du. Aurtengo edizioaren gaia Galdutako arimen ospitalea izango da, eta 10 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da. Sarrera Gazte Txokoko atetik egingo da.
Parte-hartzaileen adinaren arabera antolatu dira sartzeko ordutegiak, eta tarte bakoitzean adierazitako adin-taldeak izango du lehentasuna:
Udalak antolatutako jarduerez gain, Goldatzen elkarteak Gau Beltza ospatzeko ekimena prestatu du urriaren 31rako, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua euskal ohitura zaharrak berreskuratzea eta herritarren arteko parte-hartzea sustatzea da, haur, gazte eta helduak ospakizun berean elkartuz.
Elkarteak antolatutako kalejira 19:45ean abiatuko da Zelaietatik, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Parte-hartzaileak euskal tradizioko mozorroekin joatera animatu dituzte antolatzaileek: arropa zaharrak, maindire zuriak eta lastozko kapelak erabiliz. Era berean, parte-hartzaile bakoitzak kandela bat eramatea proposatu dute, herriko kaleak argiztatzeko.
Kalejira amaitzean, parte-hartzaileak lapiko handi baten inguruan elkartuko dira, beldurrak sinbolikoki erretzeko. Haurrek zein helduek beren beldurrak paper batean idatzi eta lapikora botatzeko aukera izango dute. Ondoren, gaztaina erreak banatuko dira bertaratutakoen artean.
Goldatzen elkarteak familien eta herritarren parte-hartze aktiboa sustatu nahi du ekimen honekin, Gau Beltzaren jatorrizko izaera komunitarioa berreskuratzeko eta euskal tradizioak belaunaldi berriei ezagutarazteko.