Katakrak argitaletxeak jakinarazten du:
10 urte bete dira Katakrak argitaletxea aurkeztu genuenetik. Geroztik 135 liburu argitaratu ditugu, 61 euskaraz eta 74 gazteleraz. Baita LP bikoitz bat ere. Angela Davis eta Sre?ko Horvat izan ziren argitara atera ziren lehen liburuak eta 2016ko Durangoko Azokan mahaia bete zuten bi izenburuak. Geroztik koiuntura gaiei eutsi diegu bi hizkuntzetan. Euskarara testu klasikoak ekarri ditugu, atzerriko narratiba itzuli dugu eta hizkuntza batek behar dituen autoreak berreskuratu ditugu: Annie Ernaux, Rosa Luxemburg, Charles Bukowski edota Stuart Hall; McKenzie Wark, Laura Macaya edota Silvia Federici. Gazteleraz ildo sendo batzuk definitu ditugu, historiatik feminismora, hirigintzatik etxebizitzaren auzira eta poliziaren kritikatik musikaren mobilizatzeko indarrera. Katalogoan daude, besteak beste, Henri Lefebvre, Gerda Lerner, Jodi Dean, Dolors Marín, Jacques Rancière edota Arun Kundnani.
Azaro honetan, proiektua posible egin duten guztiekin ospatu nahi dugu. Iruñeko Kale Nagusiko ateak ireki nahi dizkiegu irakurle, maitale, lagun, pentsalari eta langile guztiei: elkarrekin ospatu, solastu, pentsatu, jan eta dantza egin nahi dugu. Handik eta hemendik jaso ditugu piezak, eta Hannah Höchen collageetan bezala, kirurgia-eskuliburu bateko begi batekin eta igandeko aldizkari batetik ateratako beste batekin osatu dugu gure Frankenstein-a: sei mahai-inguru, kontzertu bat eta jana soberan.