Bitsa Konpainiak (Ane Gebara eta Iván Casado) sortu eta Karrikan kaleko arte eszenikoen aldeko plataformak babestutako euskarazko kale-antzerkiko ikuskizuna da Haritik Tiraka. “Karrikan” plataforma mugaz gaindiko eta tokiko lankidetza-sare bat da, eta, 2025az geroztik, Iruñeko Udalak bertan parte hartzen du beste herri batzuekin batera (Hendaia, Antsoain, Leioa, Bilbo eta Zarautz kasu), kaleko arteen sorkuntza berriak bultzatzeko.
Antzezlanak etxez aldatu den neska gazte baten istorioa kontatzen digu. Izan ere, etxe berrian lehenago bizi zen emakumearen bizitza deskubritzen du; horrela, lanak balioa ematen die ohiko keinu txikiei, eguneroko mandatuei eta auzoetako pertsonen arteko loturei. Euskal Herriko XX. mendeko historiako pasarte tragikoenetan (Gerra Zibila eta gerraostea) girotuta dago lana. Garai zail horietan emakumeek eta mandatariek izan zuten funtsezko papera ikusaraztea da lanaren helburu nagusia.
Ikuskizunak kale-antzerkia, narrazioa, objektuen manipulazioa eta biolontxeloaren zuzeneko musika uztartzen ditu.
Haritik tiraka lanak Euskarazko Ikuskizun Onenaren saria jaso du 2026ko Leioako Umore Azokan.
Epaimahaiak obrak Euskadiko historiako pasarte tragikoenetako batzuetan emakumeek izan zituzten bizipenak “lengoaia poetiko eta hunkigarriaren bidez” transmititzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen.
Bitsa konpainia Ane Gebarak eta Ivan Casadok 2024an sortutako antzerki konpainia arabarra da. Antzerkia eta zuzeneko musika uztartzeko helburuarekin sortu zuten, haien ideia eta kezka artistikoak plazaratzeko.
Ane Gebarak Haur Hezkuntzako ikasketak egin zituen eta 2016an ipuin-kontalaritzari ekin zion. Antzerki fisikoa eta absurdua ardatz dituen Les Bobe-Bobe konpainiaren sortzailea da.
Alor horretako antzerki-prestakuntza areagotzeko Nazioarteko Laborategian eta CEC programan parte hartu du, Bilbon, Pablo Ibarluzearekin.
Zenbait konpainiarekin lankidetzan aritu da, eta 2024an La Esther bakarkako pieza estreinatu zuen, Baratza aretoan irabazle izan zena. La Deskarada antzezlana haren garapena da.
Iván Casado Musikenen ikasitako biolontxelo-jotzaile profesionalak Berlinen eta Valentzian jarraitu zituen musika-ikasketak, eta jazzean eta musika modernoetan espezializatu zen UNIR unibertsitatean. Estatuko eta nazioarteko sariak jaso ditu, eta Europako jaialdi garrantzitsuetan parte hartu du. Gaur egun, La Trapecionista eta NiMú zirku-konpainiendako musika sortu eta interpretatzearekin uztartzen du irakaskuntza, eta Stratos Proiekt, Kuraia Ensemble eta Tangedia Ensemblearekin lankidetzan aritzen da, BOS (Bilbao Orkestra Sinfonikoa) eta NOS (Nafarroako Orkestra Sinfonikoa) orkestra profesionaletan gonbidatu gisa parte hartzeaz gain.