Azaroaren 6an, 19:00etan udaletxeko areto nagusian ariko dira Hernaniko Herri Musika Elkarteko txistulariak. “Hernani” Musika Eskola publikoko Dakapo abesbatzarekin batera eskeiniko dute kontzertua, Iñar Sastre piano jolea lagun izango dutelarik.
Udazken betean sartuta, Santa Zezilia, musikarien patroiaren egunari (azaroak 22) aurrea hartuta, azaroaren 6rako kontzertua antolatu du Hernaniko Herri Musika Elkarteak. Aurreko urteetako edizioetan bezala, eta txistulariak bestelako musikariekin uztartzeko bidean, kolaboratzaile bereziak izango dituzte: herriko Dakapo abesbatza da aurtengo bidelaguna, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean.
Dakapo abesbatza
Dakapo abesbatza “Hernani” Musika Eskola Publikoko ahots zurien korua da, hogeita hamar bat emakume gaztek osatua. Musikarekiko zaletasunak eta kanturako grinak elkartzen ditu, eta ibilbide desberdinak izan dituzten arren, txikitatik izan dute musikarekin harremana: batzuek etenik gabe jarraitu dute bide horretan, eta beste batzuek, bizitzako etapa desberdinen ondoren, berriro heldu diote kantuari. Amaia Aldalurren zuzendaritzapean, astero elkartzen dira euren ahotsak lantzeko eta musikaz elkarrekin gozatzeko.
Denetariko musika lantzen dute, baina garrantzia berezia ematen diote inguruko sortzaileei ahotsa emateari eta euskal musika gure herrian zabaltzeari. Izan ere, kantatzea ez da musika egitea bakarrik; gure kultura bizirik mantentzeko eta herrigintzan aritzeko modu bat ere bada. Jon Maiaren hitzek jaso bezala, “kantatzen duen herria ez da inoiz hilko”.