Lasarte-Oriako Xumela koruak 20 urte bete ditu, eta igande honetan, azaroaren 8an, ospatuko du urteurrena, Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo duen kontzertu berezi batekin. Emanaldia 12:00etan hasiko da, eta hainbat koru eta euskal kulturako artista batuko ditu. «ZORIONAK» lelopean, herritarrekin partekatu nahi du ospakizuna, baita sortu zenetik egindako ibilbidea gogora ekarri ere.
Oholtza gainean, Xumela koruarekin batera ariko dira Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruak. Hainbat diziplinatako artistek ere parte hartuko dute, tartean Aiora Zulaikak, Anoeta Eskolako ikasle talde batekin batera; Olaia Inziarte abeslariak; Ramon Agirre aktoreak; Jon Maia Soria bertsolariak; eta Serigne Lo musikariak. Hala, kantagintzak eta euskal kulturako beste hainbat adierazpidek bat egingo dute ospakizunean.