Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, azaroaren 12an, osteguna, 19:00etan, Auditorioan, King Kong Teoría hartuko du, eszenAZ Zentroaren arte bizien denboraldiaren barruan.
La Virgueriak Virginie Despentesen King Kong Teoriaren bertsio eszenikoa aurkezten du, feminismoaren eta genero-teoriaren erreferentziazko liburu handienetako bat. 2006an argitaratutako saiakera zorrotz honek ustekabeko arrakasta lortu zuen feminismoaren laugarren olatuaren atarian, kontzientziak astindu zituelako.
King Kong Teorian, Despentesek bere esperientzia partekatzen du, aho-bizarrik gabe hitz egiteko prostituzioari, bortxaketari, desioaren errepresioari, amatasunari eta pornografiari buruz, eta egungo gizartearen oinarri patriarkalak eraisten laguntzeko.
M. Àngels Cabrék egokitu, Maria Pau Pigemek interpretatu eta Isis Martínek zuzendutako King Kong Teoriaren bertsio eszenikoa botere eraldatzailea duen testu apurtzaile bat da. Muntaketak mezua handiagotzen du, eta aukera ematen du gizarte gisa konpondu gabe ditugun gaiak urrunago eramateko, behar den indar guztiarekin. Eraikitzen eta, aldi berean, suntsitzen ari den eszenografia baten gainean, bakarrizketa zuzen eta zirraragarri honek liburua aztertzen du, eta guztiaren jatorria eta sustraia bilatzen ditu espazio eszenikoaren sakonean.
"Despentesen lanak botere eraldatzailea du. Testuak aldaketara eta bilakaerara, ibilerara eta ekintzara gonbidatzen du. Testu eszeniko bihurtuta, botere horri eutsi, eta zabaldu dugu. Esplotazioaz, indarkeriaz, askatasunaz eta kapitalismoaz ari gara", diote konpainiako kideek.
La punta del iceberg lanaren ondoren, La Virgueriak beste urrats bat egin du artearen erabileran, feminismoa iraultza gisa aldarrikatzeko, lengoaia guztiak maximizatuz (zuzeneko kamera, jantziak, led argiztapen autosufizientea, soinu-giroak, proiekzioak...), proposamen sinple eta katartiko batean.
LA VIRGUERIA
Isis Martínek, Aleix Faurók eta Júlia Riberak osatzen dute La Virgueria. Antzerki konprometitu batean sinesten dute: gizartearekin konprometitua, baita hizkuntzarekin, kulturarekin, poesiarekin, edertasunarekin, arriskuarekin eta probokazioarekin ere.
Energiaren batura eta etengabeko elkarrizketa defendatzen dituzte sorkuntza eszenikoaren hainbat puntutatik. Talde-lanean aurkitzen dute hazteko eta testu-poesia poesia bisual bihurtzeko oinarria, aktoreen energia, irudiaren eta objektuen plastika, musika, isiluneak eta gorputzen indarra erabiliz. Ikuskizunak, batez ere, ikusleengana bideratutako bidaia emozional bat dira. Gero zeharo hunkituta itzultzen dute besaulkietara.
La Virgueriaren lanak errealitatean deserosoa eta hunkigarria dena hizkuntza propio batez adierazteko beharretik sortzen dira. Beren kezkei oihartzuna emateko bozgorailu gisa ulertzen dute antzerkia, kezka horiek publikoarenak ere izan baitaitezke. La Virgueria kolaborazio ugari izaten ditu, eta aktore, antzerkigile, musikari, eszenografo, argiztatzaile eta ekoizleen talde bat osatzen du, denak kezka bera baitute: antzerkiaren bidez adieraztea.
Iraupena: 75 minutu