Soldadutza amaitu berri idatzi zuen Atxagak Ziutateaz, eta 1976an argitaratu zuen Kriseiluk, bi liburukitan zatiturik. Liburu korala argitaratu zuen Jose Irazuk, euskal irakurleen eta orduko kritiko apurren harridurarako: ipuinak zeuden, poemak, koplak, antzerkia… Literatura abangoardistaren ildotik idatzia, euskara bizia eta aberatsa erabiliz, liburu harrigarri bezain krudela da Atxagaren estreinako hau. Honela deskribatu zuen Andolin Eguzkitza euskaltzain osoak 1977an eginiko kritikan: “Egia da (liburuaren) zatiak atalka eta beregain irakurri ahal direla, inori ez nioke hori baina gomendatuko. Elementu guztiak soka fin eta leun batez daude loturik, gorago esan dudan legez, idazlana boterearen hausnartze bat bada ere, horregatik hain zuzen, setaz eta indarrez, askatasunaren aldeko kantu eder bat gertatzen delako. Ezinaren deskribaketa bat da; ondikotz, lantzean behin apur bat irregularra. Tontortxo batzu bezalakoak suma daitezke irakurketan, itsumustuan hodeiek bezala zeruei hatzaparka egiten dieten gailurretara heltzen garela”.
Liburuak 50 urte bete ditu aurten, eta Euskaltzaindiak argitalpena aztertzeko eta egileari gorazarre egiteko jardunaldi bikoitza egingo du azaroaren 13an, Akademiaren egoitzan. Goizez, Ziutateaz-en ezaugarriak aztertuko dira. Horretarako, Akademiaren egoitzara hurbilduko dira Joseba Sarrionandia, Irati Majuelo, Mari Jose Olaziregi eta Beñat Sarasola. Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik. «Ziutateaz-ek merezi du berrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengatik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzaren adibide abangoardista gertatu zen; literatura unibertsal modernoaren eraginak islatu zituen; diktadurek berezkoa duten bihozgabetasuna eta esperpentoa kritikatu zuen. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo gisa har daiteke», aitortu du Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak.
Galdaren bigarren emaitza
Jardunaldi berean, Euskaltzaindiaren Literatura Batzordeak argitaratzen duen Galda bildumako bigarren alea aurkeztuko da. «Galda sortaren helburua Euskaltzaindiaren literatur ekintzen testigantza idatzia uztea da, parte-hartzaileen pentsamenduaren berri emanez eta jendartera zabalduz», azaldu du Miren Agur Meabek. Honela, ale berezia izango da bigarren hau, hizlarien artikulu sakonekin batera, osagarri esanguratsua izango duelako: Bernardo Atxagak berak idatzitako gogoeta bat, Geografia eta Historia izenburua duena. Bertan, obraren sorrera eta nondik norakoak esplikatzeaz gain, idazle gaztea zelarik bere jardunean eragin zuten adierazpen kultural eta identitario nagusiak aipatzen ditu.
EGITARAUA