Azaroa ekitaldiz beteta dator, izan ere, San Andres egun handiaren aurretik ere bada zertaz gozatu, eta hitzordu nagusietako bat hilaren 21eko danborrada izango da. Azkoitiarrek ahalik eta gehien zukutu ahal izango dituzte hurrengo jai egunak, asteburu honetatik hasita. Udala gaur hasi da azaroko egitaraua etxez-etxe banatzen.
Larunbat honetan, hilaren 14an, musikaren eta musikarien zaindari Santa Zezilia egunaren harira, Musika Bandak kalejira egingo du 11:30etik aurrera, eta gauean Skaregekasko eta Skabidean taldeen kontzertua izango da Herriko plazako agertokian. Arratsaldez, Haurren San Andres Igeriketa Saria emango du Zubiaurre Igeriketa Elkarteak.
Hilaren 21ean, 21.Herri Lasterketa ospatuko da Raka Maraton Kirol Elkartearen eskutik. Gauean, danborren eta barriken txanda izango da. Danborrada jabetuko da herriko kaleez.
Hurrengo egunean, azaroaren 22an, igandean, goizean zehar, Herriko plazan gure baserrietan ekoiztutako bertako produktuen erakusketa eta salmenta egingo da. Baserriko produktuen postuekin batera, Kontzejupen bolillo lanen erakusketa egongo da. Talo tailerra ere egingo da Herriko plazan, ikasi nahi dutenentzat.
Musikak eta dantzak ere izango dute beren tartea. Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak eta Txalkor Txistulari Taldeak San Andres kalejira eskainiko dute 11:00etatik aurrera, eta Goiko Losan, Bat Bitan taldearen eskutik, Plaza-Dantzak izango dira Arkaitz Allur eta Saioa Lizarraldekin 12:30etik aurrera.
Hilaren 28an San Andres Xake Txapelketa ospatuko da 10:00etatik aurrera Gurea pilotalekuan Anaitasuna Kakute Xake elkarteak antolatuta.
Arratsaldez, 18:30ean, Sahatsa Dantza Taldeak, Musika Bandak eta Iraurgi Abesbatzak “Mahastian koblakari” dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute Baztartxo antzokian. Hurrengo egunean, 29an, eguerdian Kittu txaranga ibiliko da kaleak girotzen, eta arratsaldez, Burrunba Elektrotxaranga.
Egitaraua San Andres egunak borobilduko du, azaroaren 30ean. Taloa eta txistorra izango dira gozagarri plazan, eta musika bazterretan. Dultzaineroak, txistulariak eta trikitilariak kalez kale ibiliko dira. Bestalde, Txuri Urdin Elkarteak urteroko pintura lehiaketa egingo du. Herri kirolek eta Kontzejupe sariaren azken pilota partidek osatuko dute eguneko egitaraua.