FIAR 2026 - Arabako Nazioarteko Harremanaren Arte Jaialdiaren barne.
Eskerrak emateko erritu bat da Gracias totales, mahai baten inguruan egitekoa. Oturuntza bat izango da abiapuntuko egoera, eta testuak, diskurtsoak, keinuak eta mugimenduak bilduko ditu eskerrak emateko ekintzaren inguruan. Harremanpieza honetan, erritualak espazioa partekatuko du janarekin, elkarrizketarekin, magiarekin eta keinu zein hitz baten ikerketarekin. Lagun talde bat mahai baten inguruan bilduko da modu ederrean eskerrak ematen jakin zuten artista, poeta, abeslari edo aktoreak oroitu eta gogora ekartzeko. Hizkuntza ezezagunak arakatuko dituzte —kitxua, islandiera eta japoniera tarteko—, baita esker onaren sonoritate kutsagarria, testura, zaporea, usaina eta botere sotilki eraldatzailea ere. Eta, hori egin bitartean, bada partaideengan are biziago piztuko den zerbait: sendabide kutsakor baten moduko zerbait. Era berean, esker onak eman bitartean, mahaiaren erdian aldare txiki bat eraikiko dute antzezleek, familia-argazkiekin, liburuekin, lepokoekin, landareekin, maskorrekin, harriekin, talismanekin eta abarrekin. Objektu horiek guztiek esker onaren eskaintza bizia osatuko dute, haren erregistro fidel eta ukigarriena, eta publikoari gauza bera egiteko eskainiko zaio. Izan ere, azken finean, inoiz ez dugu behar beste eskertzen, eta eskertzeak ez du iraungitze-datarik.