"Idatziz. Tecnología & materia"

Bilbao 2026(e)ko azaroaren 18(e)tik 2027(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • "Idatziz. Tecnología & materia"

Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berri bat antolatuko du, zeinak idazkeraren historia ezagutarazteko helburua baitu, ikuspegi teknologiko, kultural eta humano batetik. 2026ko azaroaren 18tik 2027ko maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Idazkera historiako lehen kanpoko disko gogorra izan zen ideia oinarritzat hartuta, erakusketak idazkeraren jatorrira garamatza; gizateriari haren oroitzapenak kontserbatzea, gizarteak antolatzea eta belaunaldiz belaunaldi ezagutzak transmititzea ahalbidetu duen teknologia baten jatorrira, alegia.

Liburuak, ordenagailuak edo telefono mugikorrak agertu baino askoz ere lehenago, aurreneko komunitateek bazuten jada informazioa erregistratzeko beharra. Mesopotamian, buztinezko pieza txikiek abereak edo zerealak zenbatzeko balio izaten zuten. Erregistro-sistema haiek, giza-memoriaz harago informazioa gordetzeko balio izaten zutenak, idazkeraren lehen saiakerak izan ziren.

Azken hori abiapuntutzat hartuta, erakusketak idazkeraren garapenean izandako mugarriak aurkezten ditu, hala nola: lehen zeinuen sorkuntza, idazkera kuneiformearen garapena Mesopotamian, Antzinako Egiptoko idazkera-sistemak, silabarioen agerpena eta alfabetoak eragindako iraultza. Idazkera eraldaketa-prozesu bat izan zen, zeinak kopuruak eta salgaiak erregistratzea ahalbidetu ez ezik, izenak, ideiak, legeak, kontakizunak eta ezagutza zientifikoa erregistratzeko aukera ere eman baitzuen.

Berreginen Museoko erakusketa berrian Egiptoko ontzi original bat ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. Pieza hori, K.a. XII. mendekotzat jo dutena, tenplu bateko fundazio-gordailu batean aurkitu omen zuten. Haren gainazalean, Ramses faraoiaren izena irakur daiteke.

Horrez gain, Ascoliko Brontzearen erreprodukzio bat ere aurki daiteke. Ponpeio Estrabon kontsulak Turma Salluitana deituriko zalditeriari emandako ordainsariak daude grabatuta xafla horretan. Zalditeria hura iberiarrez zein baskoiez osatuta zegoen eta Aliatuen Gerran kontsula babestu zuten. Bertan grabatuta dauden izenen artean, eusko-akitaniar jatorridunak izan daitezkeen zenbait azaltzen dira.

Erakusketaren parte da baita Hammurabiren Kodearen erreprodukzioa ere. Azken horrek Bilboko Artelan Berreginen Museoko bilduma osatzen du eta Louvre Museoan eskuratu zen 1936an.

Era berean, erakusketak barne hartzen ditu duela gutxi eskuratutako Louvreko Eskriba Eseria izeneko eskulturaren erreprodukzio murriztua eta oholtxo kuneiformeen hiru erreprodukzio. Horietako bat eskola-ikaskuntzarako baliatzen zuten oholtxo baten erreprodukzioa da. Bestea, ostera, zeinu protokuneiformeak dituen Uruk hiriko oholtxo baten erreplika da, eta hirugarrena Nabukodonosor II.aren erregealdiko erregistro astronomikoak jasotzen dituen oholtxo kuneiformearen kopia.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2026(e)ko azaroaren 18(e)tik 2027(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • LekuaBilboko Berreginen Museoa
    San Francisco, 14
    Bilbao
    Web
  • ZenbatekoaMuseoaren tarifak
  • Ikusi agenda Bilboko Berreginen Museoa, Bilbao

Non