VideoFlux Jardunaldiak 2026 - Montehermoso Kulturuneko ikus-entzunezko funtsen kontserbazioa eta zaintza

Vitoria-Gasteiz 2026(e)ko Azaroak 19
  • VideoFlux Jardunaldiak 2026 - Montehermoso Kulturuneko ikus-entzunezko funtsen kontserbazioa eta zaintza

Montehermoso Kulturuneak VideoFlux jardunaldien bigarren edizioa hartuko du 2026ko azaroaren 19an (osteguna). VideoFlux Kulturuneko ikus-entzunezko funtsak kontserbatu, zaindu eta zabaltzeko topaketa da. Ekimena Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) AKMEKA ikerketa-taldearekin lankidetzan garatzen da, kultur ondarea osatzen duten material bideografikoak berreskuratzeko eta balioesteko lan egiten duen proiektuaren baitan.

Montehermoso Kulturunea esparru ezin hobea da horretarako, ikus-entzunezko funts analogikoa baitu (Umatic, Betacam, VHS, besteak beste), arte eta kultura garaikidearen esparruan erreferentziazko ondarea eta memoria osatzen duena. Izan ere, VideoFluxen helburua da funts bideografiko hori berreskuratzea, zaintzea eta ikusaraztea, materialen kontserbazio fisikotik harago doan prozesuaren bidez, horien hedapena errazteko eta testuinguru artistiko eta ikus-entzunezko garaikidean berriro kokatzeko estrategien diseinua barne hartzen duelako.

VideoFlux 2026: ikus-entzunezko artxiboaren formak, tipologiak eta berezitasunak

2025ean egindako lehen edizioaren ondoren, ondare kontserbazioaren ikuspegitik ikus-entzunezko artxiboen zentzuan eta Gasteizko Musika Bideoen Jaialdiaren lehen urteen berrikuspenean oinarrituta, bigarren jardunaldi honek ikus-entzunezko artxiboaren forma, tipologia eta berezitasunetan sakontzea proposatzen du.

Simona Malatesta Observatorio de Vídeo No Identificado (OVNI) behatokiko kideak eta Eli Lloveras HAMACAren sortzaileetako bat eta haren banaketa arloko arduradunak hartuko dute parte programazioan. Biek esperientziak eta hausnarketak partekatuko dituzte ikus-entzunezko artxibo independenteekin egiten duten lanari buruz, baita artxibo horiek ikertzeko, kontserbatzeko, zabaltzeko eta jendaurrean aktibatzeko eskaintzen dituzten aukerei buruz ere.

Jardunaldian, halaber, VideoFlux proiektuan digitalizatutako bideoen aukeraketa bat aurkeztuko da. Pieza horiei esker, Gasteizko antzinako Musika Bideoen Jaialdiko materialak berreskuratu eta berrikusi ahal izango dira. Jaialdia 1996 eta 1999 artean egin zen, eta garai hartako historiari eta ikus-entzunezko sorkuntzari lotutako hainbat pertsonak egindako ekarpenak dira.

Jaialdiaren lau edizio hauetan zehar egindako ibilbidean, Gabriel Villota Toyosek, Arantza Lauzirikak, Arturo / Fito Rodríguezek eta Natxo Rodríguez Arkautek hartuko dute parte. Besteak beste, garaiko joera artistikoak, euskararen presentzia, bideo-jaialdien eginkizuna eta ikus-entzunezko esperimentalaren eta komunikabideen arteko harremana izango dituzte hizpide.

Sarrera doakoa eta librea da lekuak bete arte; ez da beharrezkoa izena ematea.

Egitaraua (pdf)


Laburrean

Non