Jokoan - Mahai jokoen jaialdia 2026

Amorebieta-Etxano 2026(e)ko azaroaren 21(e)tik 2026(e)ko azaroaren 22(e)ra
  • Jokoan - Mahai jokoen jaialdia 2026

Amorebieta-Etxanok Jokoan mahai-jokoen jaialdiaren edizio berri bat hartuko du azaroaren 21ean eta 22an, Zelaieta Zentroko Amorebieta IV frontoian. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako jaialdiak adin guztietako herritarrak bilduko ditu, eta askotariko jolasguneak, jarduera parte-hartzaileak eta familian gozatzeko proposamenak eskainiko ditu.

Sarrera doakoa izango da, eta jaialdia bi egunetan egingo da, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Aurtengo edizioan, berdintasunak protagonismo berezia izango du. Horretarako, emakumeek sortutako mahai-jokoei eskainitako gune bat prestatuko da, baita jolasaren bidez genero-estereotipoei buruz hausnartzeko proposamenak ere. Gainera, Gauero gazte-programaren saio berezi bat eta parte-hartzea zein lankidetza sustatzeko jarduera berriak izango dira.

  • Adin guztientzako hiru gune

Jokoan jaialdiak adin eta interes desberdinetara egokitutako hiru gune nagusi izango ditu. Gune orokorrak 20 joko-mahai izango ditu, eta 8 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek askotariko mahai-jokoak ezagutu eta probatzeko aukera izango dute, langile espezializatuen laguntzarekin. Jokoen katalogoa QR kode baten bidez kontsultatu ahal izango da.

Familia-guneak 24 joko-mahai izango ditu, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta egongo da, betiere heldu batek lagunduta. Bertan parte hartzeko, beharrezkoa izango da mahaia eta ordutegia aldez aurretik erreserbatzea. Gainera, talde bakoitzak aholkularitza jasoko du, parte-hartzaileen adinaren eta gustuen arabera joko egokienak aukeratzeko.

Izen-ematea azaroaren 12an, ostegunean, zabalduko da. Erreserbak 94 630 06 49 telefono-zenbakira deituta edo Zelaieta Zentroko Gazte Informazio Bulegoan bertan egin ahal izango dira. Jaialdiaren egunetan ere libre geratzen diren mahaiak erreserbatzeko aukera egongo da.

Hirugarren gunea merkataritza-gunea izango da. Bertan, bisitariek jaialdian probatutako jokoak erosteko aukera izango dute, baita merkatuan dauden beste proposamen batzuk ezagutzekoa ere.

  • Berdintasuna, aurtengo edizioaren ardatzetako bat

Jokoan 2026 jaialdiaren berrikuntza nagusietako bat mahai-jokoen munduan emakumeen lana ikusarazteko egingo den apustua izango da. Azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, harira, emakumeek sortutako jokoei eta ikuspegi feministatik diseinatutako materialei eskainitako gune berezi bat egokituko da.

Gune horrek dinamizatzaile propioa izango du, eta joko bakoitzaren egileari buruzko informazioa eskainiko da. Gainera, Bilboko emakume joko-sortzaile batek Gabonetan merkaturatuko den joko berri bat aurkeztuko du, oraindik merkaturatu gabe dauden beste proposamen batzuekin batera.

Egitarauak ludoteka feminista bat eta prototipoentzako gune bat ere izango ditu. Azken horretan, hainbat proiektu, haien helburuak eta horien atzean dauden sortzaileak ezagutzeko aukera egongo da. Horrela, Jokoan jaialdiak entretenimendua eta sentsibilizazioa uztartu nahi ditu, eta, aldi berean, mahai-jokoen sektorean emakumeek egindako ekarpenak aitortu eta ikusarazi.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2026(e)ko azaroaren 21(e)tik 2026(e)ko azaroaren 22(e)ra
  • Ordutegia11:30-14:00 + 16:30-20:00
  • LekuaZelaieta Zentroa
    Zelaieta Parkea, z/g
    Amorebieta-Etxano
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Zelaieta Zentroa, Amorebieta-Etxano

Non