"Narruari huts ez narrats narruari hats.
Espazioan ahotsak mugitzen dira, eszenak bailiran edo irudiak edo ameskeriak edo soinu intentsitateak.
Instalazioa Narrugorrik liburuko testu zati, poema eta erritmoetatik abiatzen da eta, ahotsaren bidez, eskala eta frekuentzia desberdinetan barrena doa.
Material intimoa eskaintzen du, zeinean gauza guztien arteko aldibereko presentziaren sentsazioa dagoen, mikrotik makrora. Ahotsa, inguruko soinuak, txoria, harria, argia han, hotsa hurbil, usaina, ukimena, hezetasuna.
Biluzdura moduak. Haien artean, biluztea izendatzeko aldaerak, pikarrai eta bülüzgorri eta larruhas.
Eta entzumenak ahotsen irudia eratzen du. Eta paisaia bat sortzen da, idazketak, erritmoak, ahotsak eta soinuek eratzen duten espazio sozialean.
Eta aditze horretan, arnasketa, arreta, energia mota bat, agian, harridura.
Liburu baten soinu banda? Hortxe putz egitea? Ehizatua izan nahi ez duen txistuka? Gorputzetik haratago?
Hotsa irteten da, eta badator eta horixe esaten digu.
Pausoak eta ahotsek topo egiten duten unean bada aditzeko espazio bat.
Ahotsa, soinu guztien artean, biluzdura."
FITXA ARTISTIKOA