Goku lagun leialarengandik zerbait ikasi badugu, Krilin ez dela inoiz hiltzat eman behar da. Abisatu gabe, agur esan gabe desagertu zen proiektua. 15 urte baino gehiago igaro dira ordutik, baina norbaitek berriro astindu du habia, ezinezkoa zirudiena gertatzeraino. Zazpi urteko ibilbideari amaiera eman zion diskoa, 2010ean argitaratua, binilo formatuan ikusiko dugu berriro.
Eta, bide batez, zergatik ez igo berriro oholtzara, airean geratu zen agurra behingoz egiteko? Urko, Parra, Sainz eta Endika berriro elkartuko dira garai batean garajeetan, gaztetxeetan eta oholtzetan jo zituzten abestiak berpizteko. Azken omenaldia elkarrekin hazi ziren eta dena hasi zuen proiektuari. Familia giroko festa izango da, urteek aurrera egin arren oraindik bizirik dirauten loturak eta garai eder haiek gogoratzeko. Lagun batzuk ere izango dituzte alboan, abestiei ukitu berezia eman eta gau ahaztezin bati azken ukitua jartzeko.
Krilin never dies.
Kontzertu hau Kutxa Fundazioaren Programazio eszenikoaren parte da.