"Birritan bortxatua"

  • "Birritan bortxatua"
  • "Birritan bortxatua"
  • "Birritan bortxatua"

"Nagore naiz, 44 urte ditut, eta oraindik ere ezin dut sinetsi niri horrelakorik gertatu izana.
Duela hiru urte, herriko jaietan, bortxatu egin ninduten. Ezaguna nuen mutil batek bortxatu ninduen.
Bere izena esatea ere kosta egiten zait.
Bai... barkatu... Mikel da bere izena".

Nagorek beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du. Orduan hasten da Nagoreren bigarren amesgaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatuko dizkigu antzezlan honek, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere.

Fikziozko antzezlan honek errealitatean gertatutako hainbat bortxaketatan du oinarria. Interneten denon eskura eta ikusgai dauden epaiketa ezberdinetako testigantzetatik atera da informazioa.

Bortxaketa bat pairatu duen emakume bat da (Nagore) antzerki testu honen protagonista. Erasoari eta horren ondorio zailei nola aurre egiten dien jasotzen da bertan, eta epaiketa nola bizi duen erakusten da antzezlanean.

Bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa nola bizi eta epaia jaso bitartekoak.

Publikoak zuzenean eta gertutik ikusi, entzun eta sentitu ahal izango ditu Nagoreren bizipenak. Publikoa gertu, eszenatokia inguratuko dute publikoaren aulkiek. Antzezlana erdian taularatuko da eta 4 baflez inguratuta egongo da publikoa.

Fitxa

  • Egileak: Saioa Royo, Ion Martinez
  • Zuzendaritza: Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea
  • Aktoreak: Saioa Royo eta Ion Martinez
  • Konpainia: Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea
  • Argien eta soinuaren diseinua: Factory Logistika
  • Jantziak eta eszenografia: Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea
  • Argazkiak eta diseinua: Makoki Faktoria

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea hamar urteko ibilbide oparoa duen antzerki taldea da. Ion Martinez eta Saioa Royo dira proiektu honen buruak, eta bien barneko ideia, galdera eta egonezinetatik abiatzen da bere sorkuntza lana. Bere antzerkiak, errespetua oinarri eta euskara transmisio lagun, Euskal Herriko hamaika txokotara hedatzea da taldearen asmoa, bere txikitasunetik euskal kulturari ekarpena eginez.

Hamar urteko ibilbidean hiru izan dira aurkeztu eta taularatutako antzezlanak:

2010-2011: OTEITZA =/= GIZARTEA, 18 emanaldi.
2011-2013: ISPILUA, 50 emanaldi.
2014-2016: AMETS ZIRKOA SALGAI!, 43 emanaldi.

Ion Martinez 2002an hasi zen komiko bezala, eta egun umorezko bakarrizketak egiten jarraitzen du Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan. 2008tik eta bere ezagutzak zabaldu asmoz, hainbat ikastaro burutu ditu Pello Arnaez, Asier Sota, Usurbilgo antzerki ikastaroak, Aulestiko ADEL tailerrak, Aktore zuzendaritza ikastaroa Javi Redondorekin eta dokumental ikastaroa Jon Garañorekin, guztien bidez antzerki mundura hurbilduz.

2011n Saioa Royo hasi zen lanean taldean. Beste antzerki ikastaro batzuen artean, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra, Euskal Herriko Unibertsitateko Antzerki eta Arte Eszenikoa ikasketak eta antzerki ikastaro trinkoa Bielorrusian egiteko aukera izan du. Gaur egun Donostiako Teatro Estudiorekin egiten du lan. Von Conspiracy taldearekin irrati-antzerkia eta RNEko La Sala programan, Mondo Bambalinon parte hartzen du.

Harremanetarako

Taupaka Elkartea
Telefonoa: 688 840 713
Helbide elektronikoa: taupaka@gmail.com 
Webgunea: www.taupaka.eus


Laburrean