Denborak uneoro zeharkatzen gaitu eta azalerak, bolumenak, ibilbideak eta joan-etorriak ditugu horren lekuko. Denborak uneoro besarkatzen gaitu eta azala, nortasuna, adina eta harremanak ditugu horren lekuko. Denborak uneoro laztantzen gaitu eta maitasuna, bakardadea, higadura eta menpekotasuna ditugu horren lekuko. Denbora da lekukoa eta heldulekua. Zer iragan da, zertan ari gara eta zeri begira jarriko gara? Garaiz gaude oraindik: zertarako?
Gorputzak eta enborrak mugimenduan, dantza, zuzeneko musika eta hotsak higiduran, eta hitzak ibiltari, ahoz gora eta idatziz. Bi dantzari, bi musikari eta idazle bat denbora zizelkatuz.
Lan honetan DENBORA zukutu nahi da mugimenduaren bidez, musikaren bidez, eszenografiaren bidez eta idazle baten berariazko pasarteekin. Denbora eszenikoki arakatu eta ikertu da lengoaia ezberdinak uztartu eta publikoak zentzumen ezberdinen bidez pertzibitu dezan. Era berean denboraz hausnartuarazi nahi da, bere izaera eta aldaera ezberdinetan: denbora organikoaz, giza-denboraz... iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, ikuspegi humano eta kritikoz.
Azpimarragarria da emanaldioro idazle ezberdin batek berariaz ekoizpen eta ekarpen pertsonala egingo duela. Emanaldietan emakume idazleak lehenetsi nahi dira.
Fitxa
Dantzariak: Jone Amezaga del Frago, Ioritz Galarraga Capdequi
Musikariak: Iñar Sastre Lopetegi, Beñat Ralla Yusta
Idazle bat: aldi oro ezberdina, enkarguzko pasarte eta zuzeneko ekarpenekin, mugimenduan jarriz... emakumezkoak lehenetsi nahi dira hasiera batean bederen