Ekainaren erdialdean zabalduko ditu ateak “Beikozini” areto berriak Ondarroan. Kafe antzokia zegoen lokal berean, hain zuzen. Baina Kafe Antzokia izan aurretik, zinema izan zen urte askoan, Cine Alameda, zeritzona.
Ondarroan, sasoirik onenetan, hiru zinema areto zeuden, Bide Onera, Alameda eta Cine Pesca. Horietako bi Artabide kale aldapatsuaren muturretan zeudenez, Bide Onerari “Goiko zini” esaten zitzaion eta Alamedari “Behiko zini”.
Guk, garai berri honetan, izen herrikoia berreskuratu nahi izan dugu: “Beikozini”. Ez da soilik zinema izango (hori ere bai); musika kontzertuak, antzerkia, errezitalak, kabareta, dantza, bertso saioak antolatuko dira bertan, baina baita ere parrandak, jaiak, afariak, haurren txokolatadak... Jan edana indo eta aldarte ona. Ondo pasatzeko leku bat izatea nahi dugu, jendeak parte hartzekoa.
Eta, nola ez, mundua beste era batera amesteko gunea. Behekoa izateak herrikoa izatea esan nahi baitu, xumea eta duina aldi berean. Goian zerua baitago eta behean infernua. Eta guk, aukeran, nahiago bigarrena.