Arabako Fournier Karta Museoak, XV. mendetik gaur egun arteko karten bilakaeraren inguruko ibilbide historikoa, teknikoa eta tematikoa eskaintzen du. Museoaren bildumak kontinente guztietako karta-sortak ditu.
Ibilbidea Bendaña jauregiko patioan hasten da, non kartak inprimatzeko teknika ezberdinak aurkeztu eta azaltzen baitira.
Bertan, bildumako karta zaharrenetako batzuk ikus ditzakegu, Proventzako karta-sorta edota Rhin garaiko paper orria kasu, Erdi Arokoak biak, baita Espainian XIX. mendean litografiatutako lehen karta-sortak ere.
Museoan arreta berezia eskaini behar zaio Vitoria-Gasteizen Heraclio Fournier Gonzálezek sortu eta haren iloba Félix Alfaro Fournier-ek jarraitutako karta-enpresaren historia eta garapenari. Bigarren hau izan zen Museo honen bildumaren sustatzailea.
Bigarren solairuko aretoak gaika antolatuta daude: jokoak, literatura, geografia, musika, magia, tarota...