Kortxeak & Krispetak 2020

Vitoria-Gasteiz 2020(e)ko uztailaren 1(e)tik 2020(e)ko uztailaren 29(e)ra
  • Kortxeak & Krispetak 2020

Sei urte igaro dira Oihaneder Euskararen Etxeak Kortxeak & Krispetak zikloa martxan jarri zuenetik. Aurten ziklo honek 5 film eta kontzertu bat eskainiko ditu: filmak uztaileko asteazkenetan izango dira eta kontzertua, berriz, uztaileko azken ostiralean. Aurreko urteetan baino saio gehiago izango dira aurten eta hilabetera zabaldu da programazioa. Baina ez dira berrikuntza bakarrak izango, izan ere, film guztiak Ortuño aretoan emango dira, pandemiaren osteko egoera berrira egokituta. Kontzertua, aldiz, Falerina lorategian egingo da. Zikloa Laboral Kutxak babestu du, eta Filmazpitekin batera antolatu da.

Badira sei urte Oihaneder musika eta musikariei lotutako dokumentalak eskaintzen hasi zela, Kortxeak & Krispetak zikloaren baitan. Eta aurten ere udako bost iluntzetan bost musika-dokumental eskainiko ditu. Zikloa borobiltzeko, berriz, pandemia garaian bertan behera geratu zen kontzertu  emanaldia izango da.

Kortxeak & Krispetak uztailean hasiko da, lehenengo egunarekin batera, eta aurreko urteetan ez bezala (astebete inguruan burutzen zen), zikloa uztaila osoan zehar luzatuko da. Uztailaren 1ean hasi (uztailaren 8, 15, 22 eta 29) eta asteazkenero, iluntzeko 19:00etan, musikari edo musika talde ezberdinei buruzko filmak eskainiko ditu. Kontzertua, berriz, uztaileko azkenengo egunean izango da, uztailaren 31n, ostiral iluntzean, 20:00etan.

Datak ez ezik, emanaldiak egiteko espazioak ere egokitu behar izan dira. Izan ere, egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak bermatzeko, film guztiak Ortuño aretoan izango dira. Kontzertua, aldiz, Falerina lorategian egingo da.

Esan bezala, zikloa uztailaren 1ean hasiko da, Fermin Muguruzak zuzendutako Beltza naiz dokumentalarekin, iluntzeko 19:00etan. Making of gisako dokumentala da hau, Black is Beltza filma nola egin zuten kontatzen duena. Bi zatitan banatzen da: lehenak, Black is Beltza filmaren inguruan transmedia proiektu bat nola garatu zen kontatzen du, eta horren ardatza filmean parte hartu zuen Amaia Jackson afro-euskalduna da (aita Tanzaniakoa eta ama Zarauzkoa); eta bigarrenean, berriz, animazio prozesua azaltzen da zehatzago, eta artista nahiz aktibistekin egindako elkarrizketak tartekatu dira.

Uztailaren 8an jarraituko du zikloak eta Seamus Murphy-k zuzendutako A dog called money filma emango da, ordutegi berdinean. PJ Harvey-ren disko baten inspirazio, idazketa eta grabazioaren bidaia intimoa azaltzen da bertan.

Uztailaren 15ean, Ethan Hawke-n Blaze filma eskainiko da, “Texas Outlaw Music” mugimenduaren musikaren kondaira ezezaguna den Blaze Foley-ren bizitzan oinarrituta dago. 

Uztailaren 22an, laugarren filma ikusi ahalko da, Kikol Grau zuzendariak 2020an argitaratutako Los demenciales chicos acelerados. Primera parte: Euskadi y tal, Euskal Herriko garaiko punk taldeei buruzko errepaso paregabea eta azkarra.

Azkenengo filma, berriz, uztailaren 29an eskainiko da, Oihanederreko erabiltzaileek berek sare sozialetan aukeratutako film bozkatuena, hain zuzen: Amy, Asif Kapadia-k zuzendutako Amy Winehouse artista britainiarraren bizitza eta heriotza azaltzen duen dokumentala.

Kontzertuari dagokionean, berriz, Ibil Bedi talde nafarrak emango dio amaiera zikloari uztailaren 31n, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Falerina lorategian aurkeztuko dute Berandu baina garaiz diskoa. Kontzertua pandemia garairako antolatuta genuen ekitaldietako bat da, eta ziklo honen baitan berreskuratu dugu orain.

Filmazpit-ekin elkarlanean, bost filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin.

Ekimenak Laboral Kutxaren babesa du.

GONBIDAPENAK:

Horrez gain, azpimarratzekoa da jarduera guztiak doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez hartu beharko direla.

Horretarako 3 BIDE egongo dira:

*Gonbidapenak agortu arte, edo emanaldi egunera arte.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana