Hona Europa Sortzailea programako Sense (of) Sharing proiektuaren bigarren emaitza, Ljubljanako Txotxongiloen Antzerki Konpainiaren eskutik. Konpainiaren buruan bi artista handi, zentzurik zabalenean: Nebojša Pop-Tasic (artista polifazetiko, idazle, dramaturgo, poeta, musikari eta askoz gehiago) eta Sebastjan Staric (dantzari, koreografo eta zuzendaria). Hizkuntza eta adierazpen oso pertsonalak baliatzen dituzte, batez ere antzerki fisikoan oinarrituak.
Musika, kantua, dantza eta eszenografia- zein jantzi-diseinu koloretsuak erabiliz, artistek ametsen munduan oinarritutako logika ludiko bat sortzen dute: hartara, berez logela arrunt-arrunta dena, mirari onirikoz beteriko espazio bizi bihurtuko du Luna protagonista jostariak.
Objektuak biziak izan daitezke gure ametsetan, guk geuk ematen diegu horretarako baimena.
Ametsen mundu poetikora eramango gaituen musika emanaldi batean izango gara, eta ilargi beteak beti “lo” dauden lau kideko familia bati eragiten dizkion gau-eldarnio alaiak ikusiko ditugu.