Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 49. edizioak 37 ikuskizun banatuko ditu udal-sarean Principal antzokian egiten ari diren zaharberritze-lanak direla eta. Juan Diego Botto, Malena Alterio, Pedro Casablanc eta Ane Gabarain aktoreak igoko dira oholtzara, besteak beste, urriaren 17tik abenduaren 15era bitarte. Sarreren aldez aurreko salmenta irailaren 23an hasiko da Principal antzokiko leihatilan.
Jaialdiak nazioarteko 6 ikuskizun, euskarazko 6 ikuskizun, dantzako eta beste adierazpide batzuk biltzen dituen 5 ikuskizun, eta familientzako eta haurrentzako 8 proposamen ditu besteak beste. Ikuskizunak Felix Petite Antzokian (18 ikuskizun), Jesus Ibáñez de Mataucon eta Federico García Lorcan (10, bien artean) eta espazio ez-konbentzionaletan (9) eskainiko dira. Bestalde, 3 estreinaldi absolutu izango dira; bertaratuko diren antzezleetako batzuk dira Juan Diego Botto, Malena Alterio, Pedro Casablanc edo Ane Gabarain; dramaturgoen artean, honako hauek aipatu behar dira: Sergio Peris Mencheta, Andrés Lima, Ana Zamora eta Daniel Verones; eta nazioarteko proposamenak Argentinatik, Uruguaitik, Frantziatik, Esloveniatik, Italiatik eta Norvegiatik iritsiko dira. Horrez guztiaz gain, tokiko sorkuntza eszenikoaren aldeko apustuak oso sendoa izaten jarraitzen du eta guztira Euskaditik iritsitako 18 euskal proposamen egongo dira ikusgai; hau da, programazioaren ia % 50.
Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde publiko eta pribatuen artean modu koordinatuan lan egitea talentu artistikoa sustatzeko eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren moduko ekimenak antolatzeko.
Euskal sortzaileen 18 lanetatik 2 hiriko konpainiek eskainitako estreinaldi absolutuak izango dira
Bestalde, arreta berezia jarri nahi dugu Off lokal 2024 edizioan; izan ere, urte hauetako onena berreskuratuko du hiriko konpainiek eta sortzaileek espazio ez-konbentzionaletarako sortutako pieza eszeniko berri txikien bidez. Hiru etapatan egingo da, hiru espaziotan eta, beti bezala, sorpresaz beteta egongo da.
Antzerkia zabaltzen atalean, Off Lokal atalaz gain, honako hauek ere eskainiko dira: Haurtxoak proiektua, Atalak, Talde artistikoekin egingo diren topaketak eta gorrentzako eta/edo ikusmen baxua dutenentzako emanaldi irisgarriak.
Egitarauaren xehetasun guztiak aurtengo edizioaren katalogoan eta www.principalantzokia.org webgunean kontsulta daitezke.
Leihatilaren kokapena
Jaialdirako sarreren aldez aurreko salmenta irailaren 23an hasiko da Principal antzokiko leihatilan eta bertan egongo da hiru egunez 16:00etatik 20:00etara. Ondoren, Plaza Berrira aldatuko da kokalekua. Zehazki, urriaren 1etik aurrera, sarrerak turismo-bulegoan erosi ahal izango dira, asteartetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara eta larunbatetan 11:30etik 13:30era. Onlineko eta telefono bidezko salmentan (945 16 10 45) eta deskontuetan ez da aldaketarik izango. Prezioa 15 eta 20 euro artekoa izango da.