PDF 2026 - Pasaiako Dantza Festibala

Pasaia 2026(e)ko ekainaren 11(e)tik 2026(e)ko ekainaren 14(e)ra
  • PDF 2026 - Pasaiako Dantza Festibala

Pasaiako Dantza Festibalaren 8. edizioa ekainaren 11tik 14ra aurrera egingo da Pasai Antxoko plaza eta parke ezberdinetan. Guztira, 17 ekimen antolatuko dira aurten.

Aurtengo edizioak bereziki indartuko ditu dantza komunitarioa eta lurraldearekin lotutako sorkuntza-prozesuak. Izan ere, PDFk dantza ez du soilik erakustaldi gisa ulertzen, topaketarako, parte-hartzerako eta elkarrekin sortzeko tresna gisa baizik, antolatzaileek adierazi dutenez.

Ildo horretan, jaialdiak aurkezpen eta solasaldirako saio berezi bat antolatuko du ekainaren 4an, 19:00etan, Antxoko Kultur Etxean. Jaialdia hasi baino astebete lehenago, saio horretan edizio honetako xehetasunak ezagutaraziko dira, eta bi prozesu bereziren inguruan hitz egiteko aukera izango da: Anakrusa, herriko pertsonekin garatutako proiektua, aurten “GARDEN” piezarekin biribilduko dena; eta OKUPA, Oihana Varelaren proiektua, jaialdiaren barruan “Zeharkatzen” pieza lehen aldiz aurkeztuko duena.

Edizio honek PDFren beste funtzio bat ere indartuko du: sorkuntza berriak bultzatzea. Horren adibide izango da Aimar Odriozolaren proposamena; jaialdiaren babesarekin garatu da, eta edizio honetako kokaleku jakin baterako sortutako ikuskizuna da: skate parkerako propio pentsatutako lana.

Jaialdiak estreinaldiak, lehen sorkuntzak eta prozesuan dauden lanak ere bilduko ditu, esaterako, Itzel Vela eta Marina Alonsoren lana, Diskordia Kolektiboarena, Oihana Vesgarena...  Hodei Iriarte eta Alberto Serrano garatzen ari diren Aatxe piezak ere edizio honen izaera bizia indartuko du.

Programazioak askotariko hizkuntza eta begiradak jasoko ditu. Horren erakusle izango da Dani Hernándezen Córdoba Drone, dantza espainiarra eta esperimentazio garaikidea uztartzen dituen pieza. Horri gehituko zaio dantza urbanoko freestyle lehiaketaren hirugarren edizioa, inprobisazioarekin, musikarekin eta kultura urbanoarekin lotutako ildoa sendotuz.

Proposamen horiekin batera, edizioak ibilbide sendoa duten euskal konpainiak eta sortzaileak ere bilduko ditu —besteak beste, Haatik, Osa + Mujika eta Amaia Elizaran—, esperientzia, arriskua, sorkuntza berria eta parte-hartze herritarra uztartzen dituen programazioaren pisu artistikoa indartuz.

Tokiko eta hezkuntza arloko ehunak ere presentzia garrantzitsua izango du aurten. Iker Murillo Studio 24, Alkartasuna Dantza Taldea eta Errenteriako Herri Arte Eskolaren erakustaldiek jaialdiaren dimentsio pedagogikoa, soziala eta komunitarioa azpimarratuko dute.

PDF 2026 - Pasaiako Dantza Festibala: egitaraua

Ekainak 11, osteguna

19:00 — Zeharkatzen — OKUPA Proiektua — Ibaiondo
19:30 — Accroc — Itzel & Marina — Katuen Etxadia
19:45 — Iraun — Amaia E. & Neønymus — Katuen Etxadia

Ekainak 12, ostirala

19:00 — Hau zulo hontan — Aimar O. — Skate Park
19:30 — Henko — Diskordia — Skate Gradak
20:00 — Ioi — Haatik — Ibaiondo
21:30 — Freestyle Txapelketa — Unity Project — Skate Gradak

Ekainak 13, larunbata

09:00 — Yoga familian — Arima Yogagunea — Luzuriaga
12:30 — Dantza eskolen erakustaldia — Luzuriaga
19:00 — Tupper — Osa + Mujika — Skate Gradak
19:15 — Cordoba Dron — Dani Hernández — Skate Gradak / ibiltaria
20:30 — Trembling Frequencies — Helena W. — Luzuriaga
21:00 — Aatxe — Hodei & Alberto — Luzuriaga
22:00 — Sonus Fossio — Oihana Vesga — Luzuriaga

Ekainak 14, igandea

12:00 — Barra klasikoa — Iker M. Studio 24 — Ibaiondo
13:00 — Garden — Anakrusa Herri Ekimena — Luzuriaga

pasaia.eus

Laburrean

Non