Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezkoren Zinemaren Astea 2024

Donostia-San Sebastián 2024(e)ko urriaren 25(e)tik 2024(e)ko azaroaren 1(e)ra
  • Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezkoren Zinemaren Astea 2024
    "Daniela Forever"

Urriaren 25a eta azaroaren 1a bitartean ospatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. AsteaNacho Vigalondok zuzendutako film berriak, Daniela Forever (2024) euskal koprodukzioak, urriaren 25ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Astea urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean garatuko da Principal eta Victoria Eugenia antzokietan eta hiriko beste agertoki batzuetan.

Filma Sayaka Producciones-ek ekoiztua da, Wrong Men, Señor y Señora, Mediacrest Entertainment eta XYZ Filmsekin batera, eta joan den irailaren 5ean estreinatu zen Torontoko Zinemaldian. Henry Golding, Beatrice Grannò, Aura Garrido, Rubén Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista.

Hau Nacho Vigalondok zuzendutako bosgarren film luzea da, Los cronocrímenes (Beldurrezko Astea 2007an inauguratu zuena), Extraterrestre (2011), Open Windows (2014) eta Colossal (2016) filmen ondoren. Azken urteetan telebistako hainbat serietan lan egin du; Historias para no dormir berrien La alarma (2022) kapitulua berak zuzendua da.

Nicolasentzat (Henry Golding) bizitzak zentzu guztia galdu du bere neskalagun Danielaren (Beatrice Grannò) heriotzaren ondoren. Egun batean, bere ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatzen dute, eta baiezkoa ematen du, horrek suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanari berriro ekin. Ametsetan bada ere. Eta haietan bere burua betiko galtzeko arriskuarekin.

Filmaxek banatuko du filma zinema aretoetan.

Jarraian zenbait film luzeren aurrerapena:

  • 1978 (2024). Onetti Anaiak. Argentina

Argentinaren eta Holandaren arteko Mundu Kopako finalean, diktadura militarraren garaian, torturatzaile talde bat indarrez sartzen da etxe batean, eta gazte talde bat bahitzen du atxilotze zentro klandestino batera eramateko. Galdeketa krudel batekin hasi eta benetako sufrimendu bihurtzen da dena: pertsona talde okerra bahitu dute. Zentroa infernu gorria da Onetti anaien –Francesca (2015), Los olvidados (2017), Abrakadabra (2018)– azken film honetan.

  • Bodegón con fantasmas (2024). Enrique Buleo. Espainia

Mantxako herri txiki bateko mamuek eta gizakiek, bizitzaren eta heriotzaren atsekabe eta estualdiek larrituta, ikaragarrizko ahaleginak egiten dituzte beren arazoei azkena emateko, eta helburu hori lortzeko ez dute ez zalantzarik izango muturreko eta etsipenezko planak gauzatzeko.

  • Else (2024). Thibault Emin. Frantzia-Belgika

Anx barnerakoia bere ohean Cass bizizalea ondoan duela esnatzen da gau batean. Nahiz eta hasiera batean ez dirudien oso antzekoak direnik, zerbait loratzen hasi da. Dena den, bere harreman hasiberria arriskuan dago birus misteriotsu bat planetan zehar zabaltzen denean. Birusak infektatutako pertsonak ukitzen duten guztiarekin fusionatzea eragiten du.

  • House of Sayuri (2024). Koji Shiraishi. Japonia

Urteetan sakrifizio handiak egin ondoren, Kamiki familiak azkenean lortuko du landetxe bat erosteko ametsa betetzea. Itxaropenez eta ilusioz beterik lekualdatzen dira... harik eta han aspaldi eraildako nerabe baten mamu mendekatzailearekin bizi behar dutela jakiten duten arte. Umorez betetako buelta berri bat deabruak hartutako etxearen azpigenerora, besteak beste Cult (2013), Sadako vs. Kayako (2016) eta Welcome to the Occult Woods (2022) filmen zuzendariaren eskutik.

  • Krazy House (2024). Steffen Haars, Flip van der Kuil. Herbehereak

90eko hamarkadan girotutako komedia beltza, Bernie (Nick Frost) jainkozale porrokatua eta bere sitcom familia protagonista dituena. Bere etxean erreforma batzuk egiteko kontratatu dituen langile errusiarrak kriminal arriskutsuak dira, lapurreta batean harrapatutakoa urte batzuk bertako hormetan ezkutatu eta berreskuratu nahian etorriak. Bernie, bere familia salbatzeko, ahaldundu egin beharrean izango da eta arma guztiekin haiei aurre egin beharko die.

  • MadS (2024). David Moreau. Frantzia

Romain gazteak geldialdi bat egiten du droga-saltzailearen etxean. Pilula berri bat probatu eta parrandan joateko prest dago orain. Bidean emakume bat ikusten du errepide ondoan zaurituta. Autora igotzen duenean, oso modu bitxian jokatzen hasten da emakumea, eta azkenean bere burua sastakatu eta odolustuta hiltzen da. Pilulak eragindako bidaldi txar bat ote? Edo beste zerbait? Gauza segurua hau da: hasi baino ez du egin gauak.

  • Oddity (2024). Damian McCarthy. Irlanda

Daniren hilketa basatia gertatzean, bere senar Tedekin batera eraberritzen ari zen landetxean, denek uste dute erruduna inguruko ospitale psikiatrikoko paziente bat dela; Tedek lan egiten duen lekua. Susmagarria hilda agertuko da handik gutxira. Urtebete igaro da, eta Darcy −Daniren ahizpa biki itsua, psikikoa eta objektu madarikatuen bildumagilea− etxean agertzen da −non Ted bere bikote berriarekin bizi den− han benetan zer gertatu zen jakin nahian. Damian MacCarthy irlandarraren bigarren film luzea, Astean bere film labur asko eta aurreko Caveat (2020) aurkeztu dituena.

  • Onsen Shark / Hotspring Sharkattack (2024). Morito Inoue. Japonia

Kostaldeko Atsumi City turistikoan bainulariak zirkunstantzia arraroetan hasi dira desagertzen. Haien gorpuak puskatan aurkitu dira, zerbaitek… marrazo erraldoi batek eraso izanaren zantzuekin. Agintariak kezkatuta daude. Polizia ikertzen ari da. Film japoniar zoro bezain dibertigarri hau inolako aurreiritzirik gabe hurbiltzen da marrazo hiltzaileak protagonista dituzten pelikulen azpigenerora.

  • Operation Undead (2024). Kongkiat Komesiri. Thailandia

Chumphon probintzia, Thailandia, 1941. Bigarren Mundu Gerran, Mok eta bere soldadu taldea indar inbaditzaile japoniarrei aurre egiten ari zaie; arma biologiko beldurgarri bat dakarte azken hauek. Mek, Moken anaia zaharrena, ofizialordea da, eta Japoniako tropekin indarrak batzeko agindua ematen diote, tropa horiek beren armaren kontrola galtzean. Hala, haren aginduek bere anaiaren heriotza ekar dezakete.

  • Things Will Be Different (2024). Michael Felker. AEB

Lapurreta baten ondoren poliziarengandik ihes egiteko, Joseph eta Sidney, azken urteotan harreman handirik izan ez duten bi anaia, beste garai batera eramango dituen etxalde batean babestu dira. Han aste batzuk egoteko asmoa dute, harik eta egoera baretu eta beren bizitzara itzuli arte. Baina ez da hain erraza izango, indar misteriotsu batek haien arteko familia loturak proban jarriko dituelako.

  • Timestalker (2024). Alice Lowe. Erresuma Batua

Komedia erromantiko honek Agnesen istorioa kontatzen du, maitasunaren bila denboran zehar bidaiatzen duen erromantiko porrokatua. Lehen aldiz 1688an Eskozian agertuko da; bertan Alexez maitemintzen da, eta heriotza bortitza izango du. Mende bat geroago, berraragiztatua, atzera gizon harekin topo egin eta maitemintzen da berriro. Bidaia bat historian eta maitasunean zehar, Prevenge (2016) filmaren zuzendari eta protagonistaren eskutik.

FRANZ KAFKA TABAKALERAN

Tabakaleran, aurten, Franz Kakfari eskainitako bi saio prestatu ditu Asteak, haren heriotzaren mendeurrenean. Urriaren 26an, Michael Hanekek 1997an zuzendutako Gazteluaren moldaketa proiektatuko da, eta 31n, berriz, idazle txekiarraren obran oinarritu edo inspiratutako film laburren maratoia.

  • El castillo (Das Schloss, 1997). Michael Haneke. Austria-Alemania-Frantzia

Neguko gau hotz baten azken orduan, K. lur-neurtzailea Brückenhof herrira iritsi zen. Une horretatik aurrera, bertan nabarmentzen den gaztelura iristen saiatuko da, kontratatu duten lana egiten hasteko; inork ez daki zergatik. Baina zenbat eta gehiago saiatu horretan, orduan eta hurbilago dirudi bere helburua. Michel Hanekek telebistarako moldatu zuen Franz Kafkaren bukatu gabeko nobela, Funny Games zuzendu zuen urte berean (aktore berak dira haietako batzuk).

  • Franz Kafka: film laburrak saioa

The Country Doctor (1953). Lorenza Mazzetti. Erresuma Batua
The Flat / Byt (1968). Jan Švankmajer. Txekoslovakia
La cabina (1972). Antonio Mercero. Espainia
The Metamorphosis of Mr. Samsa (1977). Caroline Leaf. Kanada
Franz Kafka’s It’s a Wonderful Life (1993). Peter Capaldi. Erresuma Batua
L'Homme qui attendait (2006). Theodore Ushev. Kanada
Dream of Kafka (2020). David Babayan. Armenia


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2024(e)ko urriaren 25(e)tik 2024(e)ko azaroaren 1(e)ra
  • LekuaDonostia-San Sebastián
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaAlemana

Non