Donostiako Musika Hamabostaldia 2022: egitaraua

Donostia-San Sebastián 2022(e)ko abuztuaren 2(e)tik 2022(e)ko abuztuaren 27(e)ra
  • Donostiako Musika Hamabostaldia 2022: egitaraua

 

Laurogeita hirugarrenez, 1939an sortu zenetik, 2022an Donostiako Musika Hamabostaldiak musika klasikoz eta dantzaz beteko du uda donostiarra. Oraingoan, mota guztietako 70 kontzertu eta emanaldik osatuko dute egitaraua. Abuztuaren 2tik 27ra, Donostiako hainbat agertoki hartuko ditu, baina baita Gipuzkoako, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako zenbait herritakoak ere. Bi urteko trantsizioaren ostean sasoia berreskuratu ondoren, Hamabostaldiak bere ziklo espezializatuen eskaintza aurkeztuko du, Kursaal eta Victoria Eugeniako kontzertu handiekin batera.

83. Musika Hamabostaldian nabarmen ugarituko dira emanaldi sinfoniko-koralak, hain zuzen, jaialdiaren ikur bereizgarri direnak eta azken edizioetan murriztu behar izan direnak pandemiaren eraginez. Hitzordu hauei Kursaalen emango diren opera ikuskizunak gehituta, Donostiako auditorioan ospatuko diren hamar emanalditik bederatzik izango dute giza ahotsaren protagonismoa.

KURSAAL: OPERA ETA KONTZERTU SINFONIKO-KORAL HANDIAK

Festibalaren inaugurazioa, abuztuaren 2an, asteartea, britainiar musikaren tandem entzutetsuenetako baten esku egongo da: Monteverdi Abesbatzak eta English Baroque Soloists ganbera orkestrak osatzen dutenaren esku, hain zuzen. Hamabostaldiko entzuleen aspaldiko ezagunak dira hauek, 90. hamarkadatik hona maiz etorri baitira jaialdira, eta 2016an aritu ziren azkeneko aldiz Donostian. Oraingoan, Salzburgoko Festibaletik igaro ondoren helduko dira Hamabostaldira. Antzinako musikaren interpretazioan ezaguna den John Eliot Gardiner fundatzaileak zuzenduta etorriko dira eta errepertorio espiritual eta intimista interpretatuko dute Carissimi, Scarlatti eta Schütz konpositoreen obra erlijiosoekin.

Hiru egun beranduago, abuztuaren 5ean, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere 25. urteurrena ospatuko du Musika Hamabostaldiko egitarauaren barruan. Horretarako Gustav Mahler konpositorearen sorkuntza lan anbiziotsuenetako bat aukeratu dute, 3. Sinfonia, berebiziko orkestra eta koral organikoa eskatzen duena. Hari aurre egiteko, EGO Kanariar Uharteetako bere baliokideak lagunduko du, Kanariar Uharteetako Gazte Orkestrak (JOCAN), baita Donostiako Orfeoiko ahots zuriek eta Orfeoi Gazteak ere. Carmen Artaza mezzosoprano donostiarrak ere hartuko du parte kontzertuan, Francesc Viñas Kantu Tenorreko Nazioarteko Lehiaketaren azken edizioan lehen saria irabazi zuenak. Víctor Pablo Pérez izango da kontzertuko zuzendaria; Kanariar Uharteetako bizitza musikalarekin lotura estua du berak eta jaialdiaren historian gehien aritu den zuzendarietako bat da.

2022an Musika Hamabostaldiak XX. mendeko euskal konpositore garrantzitsuenetako bat ohoratuko du, Pablo Sorozabal donostiarra, bere jaiotzaren 125. urteurrena ospatzen den honetan. Bere musika jaialdiko hainbat kontzertutan entzun ahal izango da. Horietatik garrantzitsuena Kursaalen ospatuko da abuztuaren 7an: La tabernera del puerto zarzuela ezaguna kontzertu bertsioan emango dute. Nazioartean ospe handia duten bi abeslari liriko izango dira zerrendaburuak: Miren Urbieta-Vega sopranoak Marola interpretatuko du, eta Andeka Gorrotxategik Leandro. Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da 100 urte betetzen dituen honetan zulogunearen arduraduna, Errenteriako Landarbaso Abesbatzak ere parte hartuko duen funtzio bakar honetan.

Pandemiagatik azken bi urteetan ospatzerik izan ez eta Aste Nagusiaren atarian jaialdiaren egitaraura itzuliko da opera eszenaratua, abuztuaren 12 eta 14an egingo diren bi emanaldirekin. Belcantoaren bi gaualdi handi izango dira, errepertorio horretako izenburu ezagun eta zailenetako batekin: Gaetano Donizetti konpositorearen La Fille du Régiment. Musikari italiarraren idazkera bokal ankerrari nazioarteko sona duten bi donostiar abeslarik egin beharko diote aurre: Xabier Anduaga tenorrak, 2019ko Operalia sari garrantzitsuaren irabazleak, eta Elena Sancho-Pereg sopranoak. Donizettiren musikan aditua den azken honek Deutsche Oper am Rhein delakoan Adina interpretatu berri du duela aste batzuk. Euskadiko Orkestra eta Easo AbesbatzaLucas Macías zuzendariaren gidaritzapean arituko dira Guillermo Amayak diseinatutako eszenaratzean. Hain zuzen, eszenaratze horren bidez euskal lurretara hurbilduko du ekintza Amayak, gerra den zentzugabekeriari buruz eta maitasunak aldaketarako duen indarrari buruzko hausnarketa bultzatuz. Eta aldi berean, genero identitateari buruz gogoeta egiten du, libretoan ere, zeharka bada ere, azaltzen den kritika soziala nabarmentzeaz gain. Guzti hori, komedia dibertigarri bat egiteko asmoari uko egin gabe. Eszena zuzendariaren hitzetan: “Eszena eklektikoarekin egingo dugu topo, istorioa kontatzeko eta pertsonaiek une bakoitzean bizi dituzten egoerak definitzeko balioko diguten elementu funtzionalekin. Aldi berean, jantziak garaikideak izango dira, baina iragan napoleonikoari, gaurko egunerokotasunari eta izan daitekeen etorkizun hurbilari keinuz betetakoak”.

Aipatutakoa ez da izango Kursaaleko egitarauko operari lotutako hitzordu bakarra, izan ere, abuztuaren 20an, Euskadiko Orkestra eta Andra Mari Abesbatza George Gershwin konpositorearen musikara hurbilduko dira bere bi lanik ezagunenetarikoak direnekin: Rhapsody in Blue entzutetsua eta Porgy & Bess opera, lan horietako koru eta aria ezagunenen hautaketarekin. Indira Mahajan sopranoak eta Eric Greenek abestuko dituzte Wayne Marshall pianista britainiarrak zuzenduta, zeina Gershwin konpositorearen musikaren egungo aditu garrantzitsuenetako bat den eta bakarlari ere arituko den Rhapsody in Blue jotzen; organista ezaguna, Marshall Organo Zikloan ere jardungo da.

Abuztuaren 21etik aurrera helduko dira nazioarteko orkestrak jaialdira. Egun horretan bertan Frankfurteko Irrati Orkestraariko da, Alemaniako orkestra bikainenetako bat dena eta Musika Hamabostaldian duela 40 urte baino gehiago debutatu ondoren sarritan Donostian emanaldiak eskaini dituena. Oraingoan, orkestra alemaniarra bere titular berriaren eskutik etorriko da, Alain Antinoglurekin. Verdi eta Weinberg konpositoreen obrak interpretatuko dituzte, Sibeliusen Biolinerako kontzertua Bomsori Kim etorkizun handiko biolinista korearrarekin, eta Debussy konpositorearen Nocturnes iradokitzaileak Gasteizko Vocalia Taldeko ahots zuriekin.

Festibala antzinako musika lantzen aitzindarietako bat den John Eliot Gardinerrek inauguratu ostean, abuztuaren 23an Hamabostaldiak errepertorio hau lantzen duten belaunaldi berriko zuzendari nabarmenenetako baten bisita jasoko du. Václav Luks klabezinista eta zuzendaria da bera. Donostiara helduko da Europa berarekin batera zeharkatzen ari diren bi taldeekin: Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704. Bere helburua Txekiako mugimendu historizistaren kalitatea erakustea izango da, Haendel konpositorearen Dixit Dominus obra ezagunaren bidez, eta bere jaioterriko Jan Dismas Zelenka konpositore handiaren meza batekin.

Txekiar Errepublika jaialdiko azken kontzertuetan ere izango da protagonista, abuztuaren 26 eta 27an. Munduko orkestra onenetakotzat jo izan den Txekiar Orkestra Filarmonikoa Musika Hamabostaldira itzuliko da Semyon Bychkovtitularraren eskutik, elkarrekiko ezberdinak diren bi programari aurre egiteko. Lehenengoa (abuztuak 26) Gustav Mahlerren 7. sinfoniari eskainiko diote. Txekiar Orkestra Filarmonikoak berak estreinatu zuen 1908ko irailean eta ordutik beren errepertorioko pieza zentraletako bat izan da. Egun bat beranduago (abuztuak 27) orkestrarekin bat egingo dute Katia eta Marielle Labèque ahizpek, Evelina Dobraceva sopranoak, Lucie Hilscherová mezzoak, Aleš Briscein tenorrak, Jan Martiník baxuak eta Donostiako Orfeoiak. 83. Musika Hamabostaldia handiro itxiko dute autore bohemiarren festa giroko pieza hautaketarekin: Dvorak, Martinu eta Leos Janacek konpositorearen Meza glagolitiko monumentala.

VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA: DANTZA, PIANO ETA HAURRENTZAKO OPERA

Dantza izan da Musika Hamabostaldiaren azken edizioetako ardatz egituratzaileetako bat eta Victoria Eugenia Antzokiak hartu ditu proposamen koreografiko anbiziotsuenetako batzuk. Gonbidatutako konpainia Ballet Flamenco de Andalucíaizan da oraingoan, zeinak abuztuaren 17an El Maleficio de la Mariposa lanaren ekoizpen berria aurkeztuko duen. Federico García Lorca idazleak lan harekin debutatu zuen oholtzetan duela 100 urte, eta obrak polemika handia eragin zuen. 2021ean Úrsula Lópezek gidatutako konpainiak muntaia berria aurkeztu zuen, XXI. mendeko soinu, eszenografia eta jantziekin, duela mende bete La Argentinita protagonista izan zuten koreografia haiek berregiteko.

Bere lehen bi diskoak Johann Sebastian Bach eta Philip Glass konpositoreei eskaini ondoren, Víkingur Ólafssonislandiarra azken urteetako pianista txalotuenetako bat bilakatu da ia egun batetik bestera. Abuztuaren 22an Musika Hamabostaldian debutatuko du Mozarten teklaturako obrari buruzko bere ikuspegi berezia aurkeztuz, berriki Deutsche Grammophon zigilurako grabatu duena. Salzburgokoaren musika bere garaiko testuinguru historikoan jartzeko, Ólafssonek Galuppi, C.P.E. Bach, Cimarosa eta Haydn konpositoreen piezak ere interpretatuko ditu.

Musika Hamabostaldiak Victoria Eugenian eskainiko duen hirugarren proposamena abuztuaren 8an Easo Eskolaniako haurrak, Easo Gazte Abesbatza eta Escolanía Aila de Laredo protagonista izango dituen emanaldia izango da. Gorka Miranda musika zuzendariaren eta Mafalda Saloio eta Marta García zuzendari artistikoen gidaritzapean, abeslari gazte talde honek Itsasotik ikuskizuna sortu du, R. Calmel konpositorearen Les chants de la mer lanean oinarrituta. Itsasoa maite duen neska baten istorioa kontatzen du, zeina arrain batek irentsi eta hiri ezezagun batera garraiatzen duen. Lorea López sopranoa eta Manex Artola tiplea izango dira pertsonaiei bizitza emango dieten protagonistak, fantasiazko istorio ahaztezin honetan.

ZIKLOAK: GUSTU GUZTIETARAKO PROPOSAMENAK

Formatu handiko ikuskizunekin batera, Musika Hamabostaldiaren egitaraua hainbat ziklo espezializatuk hezurmamitzen dute: organoa, antzinako musika, musika garaikidea, ganberako musika eta interprete gazteak. Hiriko hainbat gune hartuko dituzte eta hilabete osoan izango dute zaleek beren gustuko proposamenak entzuteko aukera, ziklo hauetako musika eskaintza zabal eta askotarikoaren barruan.

Organo Zikloa

Aurten Ana Belén Garcíak ordezkatuko du Organo Zikloaren gidaritza artistikoan ibilbide luze eta oparoa egin duen Esteban Elizondo. Oraingoan 15 kontzertu antolatu dira Donostia, Tolosa, Loiola, Deba, Ataun, Azkoitia eta Usurbilgo elizetan, Gipuzkoako ondare organistiko aberatsa agerian utziz. Nabarmentzekoa da, beste behin, abuztuaren 2 eta 14aren artean lurraldea bisitatuko duten nazioarteko organisten kopurua. Parte hartuko duten hamalau organistetatik seik lehen aldiz joko dute Musika Hamabostaldian: Jon Laukvik, François Espinasse, Brett Leighton, Masaaki Suzuki, Gunnar Idenstam eta Wayne Marshall. Zikloa osatuko du Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroko ikasleen kontzertuak; aurten Michel Bouvard organista izango da ikastaroko irakaslea.

Antzinako Musika Zikloa

Organoari Antzinako Musika Zikloak hartuko dio lekukoa abuztuaren 4 eta 20aren artean, 1750 baino lehenagoko errepertorioarekin osatutako bost kontzerturekin. San Telmo Museoan egoitza duen zikloa abuztuaren 4an abiatuko da, La Ritirataeuskal taldeak zikloa irekiko duen oso ezaguna ez den Francesco Mancini egile barrokoari buruzko monografikoarekin, konpositorearen jaiotzaren 350. urteurrenean. Abuztuaren 9an Ludovice Ensembleren txanda izango da, À l’Espagnole izeneko proposamenarekin: gorte frantsesak seiehuneko eta zazpiehuneko Espainiarekiko sortu zuen idealizazioa erakusten du, Couperin, Lully eta Charpentier konpositoreen lanekin, besteak beste. Antzinako Musika Zikloko aspaldiko ezaguna den Al Ayre Españoltaldeak abuztuaren 12an Henry Purcell konpositorearen sonatak ardatz dituen programa aurkeztuko du. Abuztuaren 19an Egeria taldeak debutatuko du jaialdian. Lucía Martín-Maestrok gidatutako ahots-taldeak Erdi Aroko Siziliara eramango ditu entzuleak Cataniako Troparioan gordetako musikaren bidez. Zikloa Ensemble Diderotek itxiko du abuztuaren 20an El juicio de Paris izeneko proposamenarekin: haren bidez erabat ahaztuta dagoen generoa berreskuratuko dute, hiru biolinetarako sonata, konbinazio horretarako sortutako Europa osoko piezekin.

Ganberako Musika Zikloa

Ganberako Musika Zikloari ere San Telmo Museoak emango dio aterpe abuztuaren 6 eta 25aren artean: XVII. mendetik gaur egun arteko obretan zehar ibilbidea egingo dute entzuleek bost proposamenen bidez. Iñaki Alberdiakordeoilariak irekiko du zikloa abuztuaren 6an: Suite diacrónica originala aurkeztuko du, garai klasikoko dantzak (Antonio Soler) eta XX. mendekoak (Astor Piazzola) batzetik sortutakoa. Abuztuaren 10ean Trío Albéniz arituko da, identitate propioaren bila diharduen artistaren aldaketa etengabeari buruzko El resurgir del Ave Fénix programa eklektikoarekin. Turina, Ravel eta Murphy konpositoreen lanak interpretatuko dituzte. Abuztuaren 16an Joaquín Riquelme biola-jotzaileak eta Enrique Bagaríapianistak osatutako duoak bere azken grabazio diskografikoa aurkeztuko du, Encounters, Schumann, Brahms, Enescu eta Hindemith konpositoreen obrekin. Espainiako hari laukote entzutetsuenetakoa den Cuarteto Quiroga Musika Hamabostaldira itzuliko da abuztuaren 18an. Programa anbiziotsuari egingo diote aurre Haydn, Brahms eta Manuel Canales konpositoreen obrekin. Hain zuzen, Manuel Canales Espainiako XVIII. mendeko ganbera musika konpositorerik garrantzitsuena da. Ganbera Musikako Zikloko azken kontzertua abuztuaren 25ean izango da eta Quartetto Adorno izango du protagonista, jaialdian debutatuko duen talde italiarra eta, Beethoven eta Debussyren lanekin batera, David del Puerto konpositore madrildarraren azken hari laukotea estreinatuko duena.

Musika Garaikideko Zikloa

Musika Garaikideko Ziklokoak izan ohi dira urtero jaialdiko proposamen ausartenak eta, uda honetan, 2021eko Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi duen Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarra izango du ardatz. Abuztuaren 8an Bilbao Sinfoniettak Erkorekaren Ametsak 3 lana estreinatuko du, eta Arnold Schoenberg konpositorearen Pierrot Lunaire ere emango du bere programan. Hiru egun beranduago, abuztuaren 11n, Ensemble Sonido Extremok Erkorekaren bigarren obra baten erabateko estreinaldia egingo du, Jesús Torres, Federico García Lorca eta Mikel Urquizaren sorkuntza-lanekin batera. Abuztuaren 17an Quartetto Mauricek Pablo Sorozabal Nazioarteko Konposizio Lehiaketako obra irabazlea estreinatuko du, Kurt Egemen konpositore turkiarraren Loquela Codex, Helmut Lachenmann eta Francesca Verunelli egileen obrekin batera. Zikloa abuztuaren 24an amaituko da Sigma Projectsaxofoi laukotearekin; Gaur!! 50ª Aniversario de los Encuentros de Pamplona ikuskizuna estreinatuko dute, 1972ko Iruñeko Topaketei lotutako egileen musika biltzen dute horretan, besteak beste Luis de Pablo, John Cage edo Iannis Xenakis konpositoreena, baita Helga Arias, Nuria Giménez-Comas eta Gabriel Erkoreka garaikideagoena ere.

Tabakalera Dantzan

Victoria Eugenia Antzokitik flamenkoa oinarri duen dantza konpainia bat igaroko bada, Tabakaleran jaialdiak eszenaratze esperimentalagoen aldeko apustua egingo du, bertako talentuari protagonismo berezia emanez. Tabakalera Dantzan zikloa euskal dantzari entzutetsu batek irekiko du hala ere: Jone San Martínek Aditu bere azken koreografia estreinatuko du Mikel R. Nietoren musikarekin, abuztuaren 11 eta 12an emango dituen bi saioetan.

Tabakalerako Patioa berriz irekiko da abuztuaren 18an Judith Argomaniz zuzendariaren Lasala konpainiari harrera egiteko. Dead ikuskizuna aurkeztuko dute, Puy Barral poeta donostiarraren testuetan oinarritutako lana.

Tabakalera dantzan proposamen bereziki esperimental batekin bukatuko da, Olatz de Andrés dantzariak zuzendutako Lokke konpainiarekin. Doppelgänger aurkeztuko dute, hainbat koreografia kapsulaz osatutako pieza ibiltaria, zeinaren bidez bikoitzaren ideiarekin eta denboraren eraldatzearekin jolasten den. Musika Hamabostaldiaren barruan aurkeztuko dira kapsuletako hiru: Doppel-Xake, Doppel-C3PO eta Doppel-Leo, abuztuaren 17 eta 18an, Tabakalerako hainbat gunetan.

Interprete Gazteen Zikloa

Azkenik, Interprete Gazteen Zikloa aukera ezin hobea izango da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian trebatzen diren musikarien kalitatea egiaztatzeko. Uda honetan, Musika Hamabostaldian parte hartzeko hautatutako musikariak, Marta Cubas akordeoilaria, Ensemble L’Inégalité, Nerea Azconaharpa-jotzailea eta Javier Hombría pianista izango dira. Lau entzunaldi eskainiko dituzte Miramar Jauregian abuztuaren 22 eta 25aren artean.

Musikeneko ikasleak beste bi gaualditan ere izango dira protagonista. Musikelerren musika klasikora hurbiltzeko aitzakia izango dute entzuleek Tabakalerako 4. solairuko terrazako giro lasai eta informalean, Kutxa Kultur Gauak egitarauaren barruan. Uda honetan musika jarriko dutenak Cadenza Quartet (abuztuak 26) saxofoi laukotea eta flautak, oboeak, fagotak eta klarineteak osatutako Cuarteto Koda (abuztuak 27) izango dira.

MUSIKA AITZAKI: 16 KONTZERTU DONOSTIATIK KANPO

Musika Hamabostaldiaren proposamen gehienak Gipuzkoako hiriburuan ospatzen badira ere, festibalak azken urteetan pausu garrantzitsuak eman ditu bere presentzia duten lekuak eta espazioak dibertsifikatzeko. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritara ere heltzen da musika klasikoa Musika Aitzaki zikloaren bidez: Getaria, Senpere, Zumaia, Hondarribia, Leire eta Errenteriara helduko dira aurten Donostiako Orfeoia, Conductus Emsemble, Dúo Cassadó edo Kukai Dantza. Euskal dantza konpainia ospetsuak abuztuaren 27an Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin (EGO) batera Jon Mayaren koreografia berria aurkeztuko du: Eta orain zer?. Lehen aldiz Musika Hamabostaldiak Errenteriako Lekuona Fabrika espazio berriarekin kolaboratuko du hitzordu horretan. Festibalak, era berean, 2020an pandemia zela eta etendako Ignaziotar Bideko musika txangoak berreskuratuko ditu. Abuztuaren 20an Gesaltzatik Arantzazurako bidea egingo da Egeria taldearen musikaz lagunduta. Hamabostaldia Arabako bost herritan ere izango da Hamabostaldia Araban ekimenaren bidez.

Jaialdiak ez dio huts egingo oraingoan ere bere ohiko Arantzazuko hitzorduari. Oñatiko santutegian abuztuaren 25ean omenaldi handia egingo zaio Pablo Sorozabal konpositoreari, hainbat euskal artistarekin: abeslariak, pianistak, txistulariak, dantzariak… Easo Abesbatza eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak gidatuta arituko dira. Elkarrekin Sorozabal gogoratuko dute eta dagoeneko euskal folklorearen ondare bilakatu diren bere kantuetako batzuk emango dituzte. 2021ean jaialdiko egoitzen artera itzuli zen Chillida Lekun iazko udan abiatutako proiektuari segida emango zaio: Shostakovich konpositorearen hari laukoteen integrala interpretatzea Cuarteto Gerhard laukotearen eskutik, abuztuaren 19 eta 21ean ospatuko diren gaualditan.

#SOLASEAN

Pandemia dela eta bi urte geldirik igaro ostean, #SOLasean ekimenari ekingo zaio berriz ere aurten, beren burua musika klasikoaren maitaletzat izan gabe Hamabostaldian lehen urratsak eman nahi dituzten pertsonentzat. Edizio honetan operaren, orkestra handien Kursaaleko kontzertuen eta Tabakalerako dantza garaikideko emanaldien artean hautatu ahal izango dute hasiberriek. Talde txikitan, ekimen honetan parte hartuko dutenei azalpen labur bat emango zaie emanaldiaren aurretik, jarraian gozatuko dutenari buruz, eta emanaldiaren ondoren, berriz ere elkartuko dira haien esperientzia elkarrekin partekatzeko. Ekimenean parte hartu eta Hamabostaldiaren esperientzian lehen aldiz murgildu nahi dutenek gure webgunean eman dezakete izena: www.musikahamabostaldia.eus/solasean


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana